– Flipped student (SPK) –

Atzekoz aurrerako ikasgelatik atzekoz aurrerako ikaslera
Eneko Martinez Goikolea | EGIBIDE

LABURPENA

Flipped Student SPK hirukoan oinarritzen da: ezagutza Sortu, Partekatu eta ikasteaz Kontzientziatu. Ikasleak dira PROTAGONISTAk: zer ikasiko duten erabaki, edukiak sortu, eta partekatzen dituzte. Ebaluazioa ere berek egiten dute.

DESKRIBAPENA

Orain dela 10 urte Moodle eta Claroline sareko plataformak materialen biltegi gisa erabiltzen hasi nintzenean hasi nuen aldaketa metodologikoa (gaur egun, Edmodo erabiltzen dut). Beti egin dut lan proiektuen bidez, POIen bidez (problemetan oinarritutako ikaskuntza); hala, azken urteetan, Atzekoz Aurrerako Ikasgela (Flipped Classroom) eta Pentsamendu Bisuala (Visual Thinking). Horien guztien bitartez ikusten da nola bilakatu den ikaste-irakaste prozesuari buruz dudan iritzia. Ez dugu berritzaileak izan behar gauza berberak beste modu batean eginez, baizik eta benetan aldatu behar dugu prozesu osoa sistemaren muina ikaslea izan dadin. Metodologia honek erabateko kontrola ematen die ikasleei. Irakasleak aholkulari gisa baino ez du jarduten (edo gidari gisa jarduerak egin bitartean): laguntzen dionean eta maila pertsonal, sozial eta konpetentzialean aldatzera bultzatzen duenean, ikaslearen benetako coach bihurtzen da. Orokortu daitekeen sistema bat proposatzen dut: edozein etapatan erabil daitekeena eta edozein erreminta edo teknika pedagogiko integra dezakeena.

IZAERA EKINTZAILEAREN EBALUAZIOA

Metodo honek ikaslea ALDATZERA behartzen du, hainbat aukera pertsonal, akademiko eta profesionalak dituela onartzera: prozesuaren kontrol osoa hartzera, erabakiak (zein kontzepturekin lan egin, nola aurkeztu eta nola ebaluatu) modu AUTONOMO eta ARDURATSUan hartzera, EKIMENA eta SORMENA garatzera (modu desberdinean, baliagarrian eta produktuari balio erantsia emanda joka dezan), eta dituen ideiak praktikara eramateko gero eta HELDUagoa izatera.

IZAERA BERRITZAILEAREN EBALUAZIOA

Pauso bat haratago emanda, jarduteko eskema bat eskaintzen dut, ikasgelako edozein ikasketa prozesu ez integratzailetan aplika daitekeena, unean-unean baino ez bada ere. Irakasleak ez du erabakitzen zein lan egingo diren eta nola, ezta zer ebaluatu behar den ere. Izan ere, ez du ebaluatzen. Ikaslea irakasle bihurtzen da (zerbait berritzailea). Egiteko modu bat da, ez aplikatu behar den erreminta bat.

ERABILGARRITASUNAREN EBALUAZIOA

Ageri-agerian geratzen da metodoaren erabilgarritasuna, ikusirik nola gogobetetzen dituen ikasleak. Gogoetarako, ekipo baten bideoa aurkezten dut. Era berean, lanbide familian (LPO) zabaldu dut metodo hau ikastetxean. Hala, irakasle batzuk hasi dira dagoeneko metodo hau aplikatzen, banan-banan bada ere. Erabat transferigarria da: egiteko urratsak finkatzen ditut eta ez irakaslea mugatzen duten aspektu teknikoak.

IKASLEEN EMAITZEN EBALUAZIOA

Etekin handiko zikloen aldeko apustua egiten ari gara, azterketarik gabe, irakasgairik gabe (ERRONKETAN oinarrituta). Horrek zenbait gaitasun eskuratzea dakar: komunikazioa, ekimena, talde lana, kudeatzen eta erabakitzen jakitea… POI bat, edo kahoot bat edo pentsamendu bisuala aplikatzea ez da sistema aldatzea: ezinbestekoa da GIDALERRO zehatzak erabiltzea, flipped student delakoan proposatutakoak bezalakoak.

AURKEZPEN BIDEOA