Zer da Irekin?

Ikasle ekintzaileak nahi baditugu, ezinbestekoa da ikastetxeak eta irakasleak ere ekintzaile izatea. Irakasleek egunero dute ikasleekin egoteko aukera, ikasleentzako eredu edo erreferente bat izateko; horregatik, guztiz garrantzitsua da irakasleek modu ekintzailean jardutea, konbentzituta baikaude ez dugula ikasle ekintzailerik edukiko irakasle ekintzailerik gabe.

Argi uztearren: ‘irakasle ekintzaile’ esaten dugunean, ez gara hitz egiten ari enpresak sortzeko ahaleginean dabiltzan irakasleez, baizik eta hezkuntza ekintzailearen aldeko apustua egiten dutenez. Ikaslearen ekimen ekintzailea garatzeko aukera ematen duen hezkuntza bilatzen dugu; hau da, ideiak eduki eta ikasleak ideia horiek ekintza bihurtzeko trebe izan daitezela. Gure helburua da ikasleek enplegagarriak izatea, ekintzaileak, barne-ekintzaileak eta inguratzen gaituen errealitate ekonomiko eta sozialetik gertukoak.

Hori guztia behar-beharrezkoa da ikasleentzat, lan-merkatu gero eta aldakorragoari aurre egin behar baitiote. Gazteek moldagarriak izan beharko dute, erronkei aurre hartzeko prest egon, hobetzeko ideia berriak proposatu, proiektuak abian jarri…; azken finean, munduan jarrera ekintzailearekin moldatzen ikasi beharko dute. Orduan, nola jokatu behar dugu gazteekin ikastetxeetan? Bada, entrenatu behar ditugu, entrenatu, entrenatu, etengabe trebatu… ea barneratzen duten eta eroso sentitzen diren jarrera horrekin. Hortxe egongo da beren etorkizunaren gakoa; eta ez dezagun ahaztu: ikasleak berak dira gure etorkizuna, guztion etorkizuna.

Baina zeregin hori ez da batere erreza, eta hain zuzen ere irakasleei laguntzeko asmoarekin sortu da IREKIN. Ikasleentzako prestakuntza ibilbide bat da, 6 etapatan garatzen dena eta batez ere hiru alderdi lantzen dituena: ikasleengan ekimen ekintzailea sustatzea, irakasleek ekonomiaren eta enpresaren arloetan gutxieneko ezaguera eskuratzea (berniza), eta praktika onen berri izatea eta praktika onak diseinatzen jakitea.

IKASLEENGAN KULTURA EKINTZAILEA SUSTATZEA

Metodologia berrien beharra

Irakasle ekintzailearen eredua diseinatu

Ikastetxeetan jarrera ekintzailea nola garatu daitekeen aztertu

BERNIZ EKONOMIKO ETA ENPRESARIALA

Lan mundua

Enpresa eredu berria

Negozio-plana eta eredua

Enpresa eta ekintzaileekin saioak

PRAKTIKA ONEN DISEINUA IKASTETXEAN

Ikastetxe ekintzailearen eredua

Praktika Onak Hezkuntzan

Praktika On posible baten diseinua

IREKINen bagenekien LH Euskadiko hainbat irakaslek lan egiteko modua oso ekintzailea eta berritzailea duela. Hala, pentsatu genuen gure programaren gakoetako bat izango zela irakasle horien esperientzia eta trebetasuna beste irakasleekin partekatzea, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu beren gogoa eta izaera ekintzailea beste irakasleei kutsatzea.

Irakasle bikain horiek zein izan litezkeen identifikatzeko, Praktika Onen bi lehiaketa antolatu ditugu. Guztira 94 Praktika On jaso, eta haietatik 22 finalista eta bi irabazle izendatu ditugu. Bada, IREKINen prestakuntza saioetan lehiaketetako finalistek parte hartu izana funtsezkoa izan da gure balioak transmititzeko.